XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.2. C-REN EZAUGARRI OROKORRAK

C erdi-mailako programazio-lengoaiatzat onartua izan da.

Honek zera esan nahi du: goi-mailako lengoaien funtzionaltasunarekin konbinatzen dituela.

Goi-mailako lengoaia bezala, datu-motak kudeatzen ditu.

Datu-mota batek aldagai batek eduki dezakeen balio-multzoa eta aldagai horren gainean egin daitezkeen eragiketak definitzen ditu.

Behe-mailako lengoaia bezala, bit-maneiua, byte, hitzak eta erakusleak (beraz, memoriako helbideak) maneia ditzake.

Ezaugarri horiek direla medio, sistemen programaziorako lengoaia erabiliena da.

Bestalde, garraiagarria da C lengoaia, beraz, iturburu-lengoaiaz makina batean idatzitako programak besteetara eraman, eta aldaketarik gabe edo oso aldaketa gutxirekin, konpila eta exekuta daitezke.

Honetan, merkatuan sistema askotarako C konpiladore asko egoteak ere laguntzen du.

Gainera, C lengoaia egituratua da; ondorioz, helburu baterako behar diren aldagaiak eta aginduak isola daitezke programaren beste atalek ikus ez ditzaten.

Ezaugarri hau ondo datorkigu datu-mota berri bat eta berari dagozkion eragiketak definitzerakoan, zeren azken eragiketa hauetan soilik erabili nahi diren aldagaiak ezkutatuko baitira.

Beste lengoaia egituratu batzuek ahalbidetzen badute ere, C-k, ordea, ez du uzten funtzio baten gorputzaren barnean beste funtzio bat definitzen.

C-ren egitura nagusia funtzioa da, C-ren azpiprograma independentea.

Funtzioek programa baten eginkizunak definitzen dituzte.

Funtzioak fitxategi desberdinetan gorde eta banaturik konpilatu daitezke, programazio modularra bultzatuz.

C sistemen programatzaileentzako lengoaia egokia da, programatzaile hauek behar dutena eskaintzen baitu: muga eta oztopo gutxi, bloke-egiturak, funtzio independenteak eta erreserbatutako hitz-multzo trinkoa;